Besarkadaz

Pablo Gil Rituerto

01_serieabrazo 02_serieabrazo 03_serieabrazo 04_serieabrazo 05_serieabrazo 06_serieabrazo 07_serieabrazo 08_serieabrazo 09_serieabrazo 10_serieabrazo 11_serieabrazo 12_serieabrazo 13_serieabrazo 14_serieabrazo 15_serieabrazo 16_serieabrazo 17_serieabrazo

Juan Genovés-en Besarkadaren arkeologiari buruzko azterketa: Amnistiatik Trantsizio garaiko besarkadara

2016ko urtarrilaren 8an Diputatuen Kongresuko atondoan koadro berri bat eseki zuten. Reina Sofía Museoko (MNCARS) biltegiko iluntasuna utzi zuen 28 urteren ondoren, 1988an Arte Garaikideko Museotik (MEAC) lekualdatu zutenean. Urte batzuk lehenago, 1976an, Adolfo Suárez-en gobernuko Arte Ederretako Zuzendaria izandakoak, Felipe Garín-ek, margolana berreskuratu zuen amerikar bildumazale baten eskutik, zeinak aldi berean, Marlborough arte-galeriaren bitartekaritzari esker eskuratu zuen. Bitartean, koadroaren egilea, Juan Genovés, Puerta del Sol-eko Gobernatze Ministerioko ziega batean zegoen atxiloturik eta inkomunikaturik propaganda ilegaleko delitu batengatik. Hasiera batean, Juan Genovés-ek aipatu artelana eskaini zuen Batzorde Demokratikoak preso politikoen amnistiaren alde antolatu zuen babes kanpainaren irudia izan zedin. Horretarako, lehenengo inprimaketan 25.000 afixa egin zituzten margolaneko irudiarekin eta Amnistia! leloarekin, baina gobernuko ordezkariek materiala ia bere osotasunean txikitu eta konfiskatu zuten subertsiboa zelakoan.

1977ko urtarrilaren 24an, kartel horietako bat abokatu laboralisten bulegoko paretan zintzilik zegoen, Atotxa Kaleko 55 zenbakian; egun hura izan zen talde faxista batek bulegoa asaltatu, eta lau abokatu eta sindikalista bat eraili zituztena. Bufete horren parean, 2003ko ekainaren 10ean, artelan horren irudia gogora ekartzen zuen eskultura bat estreinatu zen: militante talde baten arteko besarkada abegikorra. Egileak honakoa esan zuen:

Nire ustez, koadro hori dagoeneko ez da nirea; bertan agertzen den irudia mundu guztiari dagokio. Argi dagoena zera da, aipatu pintura Espainia guztiarentzako ikur bihurtzen dela. Sinbolo hori herrialde honetako ezkerreko indar guztiena da. Beti izan nuen gustuko haren izpiritua kalean egotea, horregatik “Amnistia” pintura “Besarkada” eskultura izatera pasa zen Anton Martín plazan.

Berriki, 2016ko otsailaren 26an, Pedro Sánchez eta Albert Rivera politikariek aipatu koadroa erabili zuten bi alderdien arteko akordio politikoa iragarri zuen agerraldiko apaingarri gisa. Akordio horrek Espainian Bigarren Trantsizio bat irekitzeko bokazioa zuen eta hedabideek asmo horren isla jaso zuten “akordioaren besarkada” bezalako esamoldeak erabiliz.

Lan honetan aurkezten den argazki multzoa bi artxibo mota ezberdinen arteko dialektikaren inguruan osatzen da: batetik, abiapuntua erakusten duten erregistroen artean, eta bestetik, Juan Genovés-en lan ikonikoaren etorrera dokumentatzen dutenen artean, klandestinitatetik instituzionalizaziora doan berrogei urteko bidea, hain zuzen ere. Abiapuntuan, margolanaren genesiaren unean, frankismoaren kontra jardun zuten presoen amnistiaren aldeko manifestazioak daude; bidearen amaieran, Diputatuen Kongresuko atondoa.

Artxiboan erauzten den atalak artelanaren jatorrizko zentzua berreraiki nahi du, modu horretan bertan agertzen den ukapena berrespen gisa agertuz. Irudi serie honetan koadroaren ezabaketa egiterakoan, haren inguruan eratzen den posizio jokoa behatzeko aukera dugu. Irudiaren iraungitzearen ondorioz, indarrez agertzen zaigu eszenaratzearen azpikeria, eta agerian geratzen da irudiekiko hartzen den posizioa: izengabeko manifestariak irudi horien atzean eta horiek literalki kargatuz ikusten ditugun bitartean, politikariak koadroaren aurrean kokatzen dira, bizkar emanez, enkoadraketan euren nagusigoa inposatuz. 1976ko Espainiako militanteen besarkada estaltzen dute modu horretan, 2016ko Espainiako hiritarren arteko besarkadan bilakatzeko. Burkideen arteko besarkada (ez)berdinen arteko besarkada bihurtzen da orain, kultu-balioa eta erakusketa-balioaren artean ematen den tentsio benjaminianoa irudikatzen duen zentzuaren lekualdatzea agertuz. 1976an zabaldu zen kartelak artelan erreproduzigarri eta erreproduzituaren modernitatea adierazten bazuen -praxian balorea hartzen duena, erakusketan ekintza sozializatzaile eta politiko gisa zentzua irabazten duena-, beste muturrean, segurtasun indarrek MNCARSetik Kongresura kustodiatuta daramaten jatorrizko koadroaren garraioa erregresioa da, konkretuki, bere kultu-balioa objektu sakratu gisa aldarrikatzera garamatzan artelanaren interpretazio auratikoaren saiakera irudikatzen duen erregresioa.

Beraz, mahaigaineratzen den auzia honakoa da: instituzionalizazioa ez ote den obraren zentzua neutralizatzeko obrari ezarri zitzaion zentsura baino botere mekanismo askoz ere eraginkorragoa. Edota, kontrara, artelanean inskribatzen den potentzia gai ote den azken distira batean bere eraldaketa bilatzen duten botere gailuak agerian uzteko. Jakin badakigu irudia aztarna bat dela, denbora atzematen saiatu den arrasto bat, baina era beran, bere gain hartzen dituen bestelako denborena ere bada, eta bide honetan irudiak su hartzen du errealitatearekin dituen hartu-emanetan, inskribatzen den testuinguruarekiko duen harremanean. Irudiak su hartzen du argitu dadin, errebelatu dadin. Azkenik, irudiak su hartzen du desagertu arte, bere errautsetan gorderik mantendu dezan haren genesian dagoen egia. Honenbestez, irudiak su hartzen du ere hemen erreb(ela)olta dadin.

Irudiak eta testua: Pablo Gil Rituerto
Itzulpena: Arantza Santesteban
CC BY-NC-SA 4.0 | 2016

Pablo Gil Rituerto (Madril, 1983) film muntatzailea eta ikusizko artista da. Arlo zinematografikoan nabarmentzen da Jose Luis Guerinekin batera egindako lana bai Recuerdos de una mañana (Jeonju Digital Project, 2011) bai La dama de Corinto (Museo Esteban Vicente eta Centro Pompidou, 2010) proiektuetan. Muntatzearen arduraduna izan zen halaber Mercedes Alvarezen Mercado de futuros (IB Cinema, 2011) filmean, Nyoneko Visions du Réel Zinemaldiko Begirada Berriak Saria eta epaimahaiaren aipamen berezia BAFICIn. Mercedes Alvarezekin batera ere editatu zuen 25 % (MACBA, 2014) instalazio pantailanitza, Veneziako 2014ko Arte Bienalean presente egon zena. Arestian lan egindakoa da Lois Patiñorekin Costa da morteren muntatzean, eta Paloma Polo artistarekin Unrest film luzearen muntatzean. Sortzaile gisara, argazki muntatzezko Jaque haren lana presente egon da Photoespaña 2014 argazkigintza topaketetan eta argazkigintza dokumentaleko Bartzelonako Festival Docfield 2015en, Archivo Crónica 21ren barruan.

━━