Aurkezpena

Europa, geroaldi burutua irudi erresistenteei buruzko proiektu bat da. Erresistentzia irudiak. Iraganean finkaturik gelditzeari aurre egiten dioten irudiak. Irudiak geroaldi burutuan. Iraganetik, orainaren figurazioan parte hartzen duten irudiak.

 

Inoiz ez bezalako gizarte eta politika krisi batek Europa neoliberala jotzen duen une honetan, hainbat arte eta ikus-praktika garaikidek atzerantz begiratzen dute, “hirurogeiko urte luzeetako” zine militantearen artxibora, 1968ko nazioarteko borroka zikloak abiarazitako asalduzko garai historiko hartara eta hirurogeita hamarreko urteetan izandako luzapenetara. Europa, geroaldi burutua proiektuak historian zeharko elkarrizketa horretaz gogoeta egitea proposatzen du, ikerketa lan bat eta jarduera programa publiko bat direla bide. Programa horrek ondokoak hartuko ditu barne: nazioarteko artista, zinegile eta pentsalarien ardurapeko lan argitaragabeak on-line argitaratzea, proiekzio eta arte interbentzio zikloa, nazioarteko solasaldia eta ikus-entzunezko tailer parte hartzailea.

 

Egungo Europak—finantza eta zorren Europa, desberdintasunaren Europa, Europa gotorlekua—hirurogeiko urte luzeetako mobilizazio sozialen porrotaren gainean jarri zituen bere oinarriak. 68ko eztandetatik Atenasko Politeknikako erreboltaraino, Portugalgo Krabelinen Iraultzatik Espainiako estatuko fabrika eta auzoetako borroketaraino beranduko franskimoan eta trantsizioan, hirurogeita hamarreko Erresuma Batuko greba jendetsuetatik Italiako “udazken bero”-ko agitazioraino eta mugimendu autonomoraino. Borroka haietan jokoan zen Europaren etorkizun politikoa. Pultsu hura ez dago alternatibarik agindupean erabakiko zen, oinarrizko ekimen demokratikoak desmobilizatuz eta ortodoxia ekonomiko neoliberala inposatuz.

 

Izan zitekeen Europa baten ikus-mapa da hirurogeiko urte luzeetako zine militantearen artxiboa: erresistentzien eta imajinazio politiko erradikalaren mapa, hegoalde globalera begiratzen duen mapa, eztabaiden eta demokrazia asanblearioaren mapa, subjektibitate politiko berrien mapa—genero, klase, kolonia ondokoen, ekologisten subjektibitateei dagokiena‑. Zine militantea lekuz kanpoko zinea zen. Tresneria arinek bai filmaketak eta bai proiekzioak gizarte erreboltak gertatzen ari ziren lekuetara joateko eta eramateko bide eman zuten, eta demokrazia erradikalaren eskabideak egiletza kolektibo eta parte hartzailearen forma berriak ekarri zituen. Irudiaren politizazioaz eta produkzio moduez esperimentatzeko gune bilakatu zen zinea.

 

Film artxibo militantearen eta gaur egungo arte eta ikus-praktiken arteko transferentziak arakatuko ditu Europa, geroaldi burutua proiektuak. Oraingo krisi unean ez da ustekabekoa hainbat artistak, zinegilek eta ikus-entzunezko kolektibok garai hartako praktika zinematografiko militanteen ondarea eraldatu eta birformulatzeari ekitea, oraingo errealitatean politikoki esku hartzeko modu gisa. Gure aurrean, artxiboaren aipamena eta manipulazioa gertaten ari da, horren irudikatze gailuak berrerabiltzen dira, orduko ekoizpen parte hartzailearen moduak berrinterpretatzen dira, irudia politizatzeko estrategiak era kritikoan eskuratu, eztabaidatu edo baztertzen dira. Hirurogeiko urte luzeetako zine militantearen ondarea, beraz, ikus-praktika kritiko garaikideak ulertzeko funtsezko iturri gisa agertzen zaigu.

 

 

 

Europa, geroaldi burutua Pablo La Parra Pérezen proiektu bat da. Tabakalerak eta Donostia-San Sebastián 2016 Europako Kultur Hiriburuak Ikerketa-Artistiko egonaldirako eginiko deialdian ekoiztua.  

 

 

Ikerketa eta proiektuaren zuzendaritza: Pablo La Parra Pérez / Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunea: Víctor Iriarte (Ikus Entzunezko Programaren Arduraduna), Lur Olaizola Lizarralde (Ikus-entzunezko programaren koordinatzailea) / Interbentzioak: Pablo Gil Rituerto, Evan Calder Williams, Salomé Lamas, Daphné Hérétakis,Virginia García del Pino, Irati Gorostidi & Arantza Santesteban / Itzulpenak (interbentzioak): Amaia Astobiza, Diana Draper, Chloe Howe Haralambous, Tess Rankin, Iñigo Roque, Arantza Santesteban, Danele Sarriugarte Mochales, Sejal Shah / Gonbidatuak (proiekzioak): Elena Oroz, David Cortés Santamarta, Amador Fernández-Savater, Miguel Fernández Labayen, Stoffel Debuysere / Gonbidatuak (solasaldia): Alberto Berzosa, Enrique Fibla Gutiérrez, Sonia García López, Xan Gómez Viñas, Isaki Lacuesta, Susan Martin-Márquez, Lidia Mateo Leivas, Luis E. Parés, Jean-Gabriel Périot, Pere Portabella, Elske Rosenfeld, Masha Salazkina / Zinetraktatu! (lantegia): Terrorismo de Autor /  Webaren diseinu eta programazioa: La Familia / Eskerrak: Kostis Kornetis, Jo Labanyi, Jordana Mendelson, Marta Nieto Postigo, Agustina Pérez López, Kristin Ross, Beñat Sarasola / Azaleko irudia: Filmtract R106 (1968)

 

━━